XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Komisariaren bidezko testamentua, esaterako, kanpotik etorri eta bizkaitar egin diren etorkinek ere erruz erabiltzen dute.

Ondorioz, Foru Lege Berri honen filosofia bikoitza izan da: lehenez, baserria eta baserritarrei eskaintzea, eraberritu eta birmoldatua, betidanik izan duena eta era berean, lehendik ere aplikagarri izan den giro urbanoetan tresna berbera erabilgarria izateko modua tajutzea.

Beti ere, famili ondarearen batasuna mantendu nahia xedetzat hartuta.

Hori berori, bizi ditugun aldi gaitz eta neketsuotan ez da jomuga txikia.

Baserritarrak, beraz, mendetan eskura izan dituen mekanismo juridikoak ere baditu, hobetu eta egokituak.

Erlatiboak direla?

Zeresanik ez dago.

Baina ez horraitio txikienak edo apalenak.

Baserriaren zainketarako beste teknika eta errealitate batzuk beharrezkoak direla? Ados.

Baina ez dezagun ahaztu lursailbilketa eta abarrekoak ezagutzen dituzten lurretan ere, Bizkaiko Foru Zuzenbideak dituen lanabes juridiko zenbaitzu (eta ez garrantzi gutxiena dutenak, hala fede) ezarri direla, on eta profitagarri iruditu zitzaiolako lur horietako botere legegileari.

Hortxe dago, Karmel aldizkari honetan inoiz komentatu izan dudan Ley 49/1981 del Estatuto de la Explotación familiar agraria delakoa (KARMEL aldizkaria, 1987-3, 28-33. orrialdeak).

Lege honek, bestalde ere, adibide ederra eman diezaguke, gureak ere zenbait kasutan esportagarri direla konturatzeko.

Zernahi gisaz, lege berri honek duen eta, antza denez, ongi plazaratzen jakin ez dugun gogoa, ez da lehen azaldutakoaren arabera baserrian agortzen; baserriarekin batera ere, giro hiritarrean murgildu nahi du bere egitekoa.